Erantzukizun mugatuko sozietate bat eratzeko, oraintsu arte, beharrezkoa zen gutxiengo ekarpena eginda egotea, hau da kapitalera gutxienez 3.000 euroko ekarpena eginda egotea. Hala ere, Enpresari Berrien Laguntzarako eta Internazionalizaziorako 14/2013 Legeak dakartzan aldaketen ondorioz, dagoeneko, posible da gutxieneko ekarpenik egin gabe ere erantzukizun mugatuko sozietate bat eratzea.
Kapital Sozietateen Legea kontuan izanik, Erantzukizun Mugatuko Sozietateen gutxieneko kapitala 3.000 eurokoa da, KSL 4.1.A art: “Erantzukizun mugatuko sozietateen kapitala ezingo da hiru mila eurotik berakoa izan, eta moneta horretan adierazi beharko da”. Izan ere, Kapital Sozietateen Legeak, kapitalaren zenbatekoaren inguruan, bere horretan dirau baita 14/2013 Legearen ondoren.
Orokorrean, Erantzukizun Mugatuko sozietate bat eratzeko, Notaritzan eskatzen diren bestelako dokumentuen artean dago, gutxieneko ekarpena eginda dagoela adierazten duen egiaztagiria. Egiaztagiri hori da, dagokion bankuko egiaztagiria, adieraziz, banku horretan sozietatearen izenean kontu korronte bat ireki dela, gutxienez 3.000 euroko ekarpena egin delarik horretara.
Enpresari Berrien Laguntzarako eta Internazionalizaziorako 14/2013 Legearen ondorioz, bestelako aldaketen artean, egiaztagiri horren beharrizana aldatzen da. Izan ere, Erantzukizun Mugatuko Sozietate baten gutxieneko kapitala 3.000 eurokoa izan arren, adierazitako legearen 12.artikulua kontuan izanik, Kapital Sozietateen Legearen 4.artikulua eraldatu egiten da, puntu bat gehitzen zaiolarik, eta 4.bis artikulua sortzen delarik. Hau da, 14/2013 Legeaz geroztik, Kapital Sozietateen Legearen 4. artikulua, hurrengoa da:
“4. artikulua: Gutxieneko kapital soziala.
- Erantzukizun mugatuko sozietateen kapitala ezingo da hiru mila eurotik berakoa izan, eta moneta horretan adierazi beharko da.
- Aurreko atalean adierazitakoa kontuan izanik ere, posible izango da erantzukizun mugatuko sozietateak eratzea gutxiengoa baino kapitalaren zenbateko txikiagoarekin, jarraian datorren artikuluak adierazten duen moduan.
- Sozietate anonimoen kapitala ezingo da hirurogei mila eurotik berakoa izan, eta moneta horretan adierazi beharko da.
4.bis. artikulua:Ondoz ondoko eraketa erregimeneko sozietateak.
1. Erantzukizun mugatuko sozietate bat 4.artikuluko 1. puntuan adierazten den gutxieneko kapitalera irizten ez den bitartean,ondoz ondoko eraketa erregimeneko atxikita egongo da, hurrengo erregelak jarraituz:
a)Erreserba legaletara bideratu beharko du gutxienez ekitaldiko irabazien %20a, zenbateko zehatzaren mugarik Gabe.
b) Ezarpen legalak edo estatutuen ondoriozkoak bete ondoren, bazkideen artean dibidenduak banatu ahalko dira, bakarrik, ondare garbiaren balioa gutxieneko kapital sozialaren ehuneko hirurogeia baino txikiagoa ez bada, edo dibidenduen banaketaren ondoren zenbateko hori baino gutxiago ez bada.
c)Ekitaldiko jardueren ondorioz, bazkide eta administratzaileei urtean egindako ordainsarien zenbatekoen batura, ezingo da izan ekitaldi horri dagokion ondare garbiaren ehuneko hogeia baino handiagoa, sozietatearen konturako langile moduan jardungo balute, edo sozietateari zerbitzu profesionalak eskainiko balizkiote, lan horiengatik bazkide edo administratzaile horiei legozkien ordainsariei kalterik egin gabe.
2. Borondatezko edo derrigorrezko likidazio kasuan, sozietatearen ondarea sozietatearen betebeharrei aurre egiteko nahikoa izango ez balitz, sozietatearen bazkideek eta administratzaileek, era solidarioan erantzun beharko dute Legean ezarritako gutxiengo kapitalaren ordainketari dagokionez.
3. Ondoz ondoko eraketa erregimeneko sozietateen eraketa unean, bazkideek egindako diruzko ekarpenak egin izana egiaztatzea ez da beharrezkoa izango. Eratzaileek eta partaidetzaren bat bereganatzen dutenek erantzungo dute era solidarioan sozietatearekiko eta sozietatearen hartzekodunekiko, ekarpen horien existentziari dagokionez.
Adierazitako 14/2013 Legeak dakarren eraldaketa horren ondorioz, posible da Erantzukizun Mugatuko Sozietate bat eratzea, legezko gutxieneko kapitala izan ez arren, KSL 4.2.artikulua bide. Kasu horietan, notaritzan ekarpena egin izanaren egiaztagiria aurkeztu beharrean, sozietatearen eraketa idazkian, bazkide eratzaileek euren gain hartu beharko dute gutxiengo kapitalari dagokion erantzukizuna.
Gutxieneko kapitala izatera irizten ez den sozietate horri, ondoz ondoko eraketa erregimeneko Erantzukizun Mugatuko Sozietate deritzo. Egoera horrek dirauen bitartean, estatutuetan adierazi egin behar da, ondoz ondoko eraketa erregimeneko sozietatea dela.
Egoera horretako Erantzukizun Mugatuko Sozietateen kasuan, posible da sozietatea eratzea 3.000 eurotik berako kapitalarekin, ezingo delarik 0 euroko kapitala izan, baina posible izango da, adibidez bazkide bakoitzak zentimo bateko ekarpena baino ez egitea.
Ondoz ondoko eraketa erregimeneko sozietateen kasuan, 3.000 euroko kapitalera iritzi arte, sozietateak ezingo du askatasunez jokatu bere irabazien banaketari dagokionez. Legez ezarritako gutxieneko kapitala izan arte, derrigorrez, irabazien %20 erreserba legaletara bidali beharko da, horrez gain, dibidendoen banaketa eta bazkideen eta administratzaileen ordainsarien inguruan ere, mugak ezartzen dira.
Kontuan izan behar da, ondoz ondoko eraketa erregimenean dagoen sozietate batek hirugarrenekiko zorrak izatekotan, edo disolbatzekotan, horrek gutxienez izan beharreko 3.000 euroko kapitala izan ezean, bazkide eta administratzaileek, euren ondare pertsonalarekin erantzun beharko dutela sozietatearen zorrak ordaintzerako orduan, 3.000 euroko kapitalera arte.
Ondorioz, Erantzukizun Mugatuko Sozietate bat, 3.000 euroko gutxieneko ekarpena egin gabe eratzea posible da, eta horrek abantaila bat suposa dezake, 3.000 euroak hasera batean ordaintzeko beharrizanetik askatuz, eta sozietateak eratzeko erraztasuna emanez, diru gutxiago behar izateagatik. Hala ere, hasiera batean gutxieneko ekarpena egiteko betebeharretik askatzea, ez da nahastu behar, sozietatearen gutxieneko kapitalaren erantzukizunetik askatzearekin, izan ere, bazkide eta administratzaileek kapitala gutxienekora iristen ez den bitartean euren ondore pertsonalarekin erantzungo dute kapitalaren gutxiengorarte, sozietatearen inolako zorren aurrean.